XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Istilu ugari sortu zen arranguneetan.

Ondoko bertso hauetan donostiar eta getariarren artean gertaturiko borrokaz egiten da trufa.

Zubek guetariarrak besigo ugari utzi ezazute gure baliari ama iguesi joanda umia da ori.

Segui esayosute nai badezue ari.

Luis Gaiztubak emandik lenengo arponada; balia arrapatzeko Chit guizon ona da: estimatzekua da alango arponada: bederatzi milla errial bazuben jornala.

Balea saldu eta banatu egin behar zenean

Hain bitxi preziatua zenez balea zati askotan ohi zen banatua: izan ere, anitz bait ziren diru-iturri oparo honen mahukaren zain zeudenak.

Ikus dezagun.

Itsasoa zein lurra erregeren jabetza zirenez, honek bazuen haien erraietatik ateratzen zen guztiaren gain zenbait eskubide.

Horrexegatik, harrapatzen ziren arrainetatik, balea barne, hainbesteko bat eskatzen zuen Koroak, Ipar nahiz Hegoaldean.

Balearen gaineko zerga horiek berdinak ez ziren herri guztietan, eta abagadunearen arabera ere aldatu egiten ziren.

Lekeitiok, adibidez, Bermeo eta Portugaleterekin batera, harrapatzen zen guztiaren 15etik bat eman behar zion erregeri.

Getariak, berriz, urteko lehen balea eta Zarauzko herriak, 1237ko bere hiri-gutunearen arabera, balea bakoitzeko burutik hasi eta buztanerainoko xerra bat.

Angelu eta Miarritzekoek, ordea, 15 libera luzatu behar zioten Ingalaterrako Eduardo I.ari harrapakineko.

Sarritan ikusten da erregeek, zerbitzu zein mesede batzuren ordainetan, beste batzurengan lagatzen dituztela etekin horiek, edo etekin horien puska batzuk: kontzejuengan, burgesen batengan, probestuengan... Donostiako Probestuak, adibidez, Done Miliagako Artxibategian kausitutako dokumentu batek dioenez, Getariako lehen bale erdia jasotzeko eskubidea zuen.

Zelako istiluak sorteraziko zituen zerga zamatsu honek!.

Udalak eta Elizak ere jasotzen zuten beren partea.

Ordenantzetan sarri aipatzen dira zerga hauek eta beren gainean dagoen araudia.

Herri bakoitzak bere akordioak zituen.

Eliza, normalki, mihiaren jabe egiten zen.

Udalak, berriz, hainbesteko bat jasotzen zuen eta ordainetan, kaia, portua eta inguruak txukun mantentzeko eginkizuna zeukan.

Eman behar hauek eman eta gero, geratzen zena balearen harrapaketan ihardun zutenen artean banatzen zen.